Sareko Borda

Bloga

Bloga

“Amaiur gure endako”

Olatz Zugastik iradokitzen duen bezala, herri baten izatea bere historian ardazten da, eta zer esanik ez haren ikurrak. Euskal Herriak jarraitzen du bere nafartasuna aldarrikatzen, eta Sareko Bordak ez du alderdi horretan atzean gelditu nahi. Ikurrei zor zaien garrantziaren jakitun, besterenduak izateko duten arriskua ikusirik, horiek ere defendatu eta aldarrikatu beharra ikusten dugu. Hori dela bide, Nafarroaren armarria dakarten bi modelotako elastiko dotoreak erantsi ditugu gure katalogoan, hainbat neurritan. Eta, marketinaren legeak bestela egiteko esaten badu ere, hona hemen gure webgunetik aterako zaituen kantu zoragarria: Oi, Amaiur.    

Bloga

Glamourra duen eztia

Oparitarako ideiak emateko gaude webgune honetan, eta hona aldi honetako proposamena. Eztizalea izan beharrik ere ez, aski da oparia hartuko duena gozozalea izatea. Zur eta lur utziko duzu akaziaren ezti honekin. Bortzerrietako akazia arboletatik erleek egina beren izerdiarekin (erlezainak ere bota ditu tanto batzuk…).

Bloga

Zaila dago erlezaintza

Sareko Bordak aurten ere bildu du bere ezti uztatxoa, nahiz eta ez nahi adinakoa izan. Erlezaintzaren mundu miragarria hor dago, deskubritu nahi duenarentzat, baina gaurko egunean zaila da lantegi honen aldeko hitz erromantikorik jaulkitzea. Erleari bizirik eusteak berak lan du uzta biltzetik aparte. Oraintxe, Asiako liztorraren erasoaldi latza pairatzen ari dira erlauntzetan, eta erasoaldi hori areagotu baino ez da egingo azaroan aurreneko izotzaldiak iritsi bitarte. Gaiaz gehiago jakin nahi duenak, irakur beza Ipar Euskal Herriko hitza astekariko orri hau: https://iparraldekohitza.eus/2018/03/22/erleen-alde-lan-egiteko-garaia/.

Bloga

Haur txikientzako osagarriak

Haur txikientzako osagarrien atala sukaldaritzako mantal honekin abiatu genuen, eta hura da atal horretako elementu izarra oraindik ere! Geroztik, eskaintza dexente zabaldu dugu, eta ez dugu aukera hau desaprobetxatu nahi haur txikien atal honek (oraingoz, behintzat) dituen hiru berezitasunak nabarmentzeko: 1. Eskuz eginak dira, 2. Sareko Bordak berak eginak dira eta 3. Bakoitzetik ale bakarra dago mundu osoan!! Zer gehiago behar duzu haur horrentzako oparia berezia izan dadin?

Bloga

Udazkeneko kutxak

Iritsi da udazken honetarako proposatzen dugun opari kutxa. Muselinazko manta arin-arin batek eta katilu batek osatzen dute. Muselina bi metrokoa da, sofan bi lagunek lo kuluxka politak egiteko modukoa. Aurrera doa Sareko Borda, eta pixkanaka forma hartzen ari da proiektua. Edozein iradokizun duzula, idatziguzu lasai ederrean, entzuteko irrikaz gaude!

Bloga

Opariak eta opari ideiak

Oparien online denda gisa abiatu dugu Sareko Borda. Ilusio handiarekin abiatu dugu proiektu hau, eta, etorkizunak zer ekarriko digun ez badakigu ere, zure erreferentzia izan nahi genuke lagun horri zer oparitu ez dakizunerako. Erabili webgunea ideiak hartzeko bada ere. Opari ideia ugari aurkituko dituzu bertan, eta ilusioa egingo digu gure ideiaren batek zeozer iradoki badizu. Ziur gaude zuk zeuk ere ideia mordo bat duzula, eta pozik entzungo genuke denda honetan zer ikustea gustatuko litzaizukeen. Ez dudarik egin, eta idatzi denda@sarekoborda.eus helbidera.

Bloga

Oparitu hondartzarako osagarriak

Uztaila gainean dugu, eta zure lagun minaren urtebetetze eguna ere bai. Ai ama, ez dakit zer oparitu!! Lasai, zure laguna hondartzazalea bada, oparitu gure hondartzarako osagarriak. Aukera praktikoa ez ezik, kalitatezko produktuak aurkituko dituzu prezio onean. Esaterako, gure nezeser iragazgaitza. Hari esker, azken orduko bustialdi bat hartu ahalko duzu, bainujantzia bertan sartuta. Sar ezazu nezeserra gure lihozko poltsan, eta zoaz etxera, urik isuri gabe.

Bloga

Gurpil zoro digitala

Mugikortasuna murriztuta izan dugunean, online denden salmentek gorakada handia izan dute, eta denda txiki asko sarean mugitzera behartu dira. Gizartea horretara doa, eta euskaldunoi beste behin garaietara egokitzea dagokigu. Izan ere, gabezia izugarria dago arlo digitalean. Zeozer behar dugunean, gaztelaniaz edo frantsesez bilatzea eta erostea izaten da ohikoena, eta, hizkuntza horietan aurkitzen ez badugu, ingelesera jotzen dugu hurrena. Euskaldun batek zeozer eskaini nahi badu, berriz, zertarako eskainiko du euskaraz, euskaldunok ez badugu behar dugun hori euskaraz bilatzen? Sareko Bordaren eta blog honen bitartez, euskalduna kontzientziatzen lagundu nahi dugu, eta gurpil zoro hori teklatu kolpeka puskatu. Hala, jendea animatu nahi dugu Internet edukiz betetzera, eta bilaketak eta erosketak euskaraz egitera. Sarekoborda.eus oparitarako eskaintza sail batekin abiatu dugu, eta gure asmoa, xumea edo handinahia, produktuen eskaintza zabaltzen joatea da, eta pixkanaka gure produktu sailen artean hemengo eskulangileen lanak jartzea, baita urrutiagoko berezitasunak ere, dela artista berexiren batenak eta dela askotariko kolektiboenak. Gure proiektua bultzatzen lagundu nahi baduzu, bisitatu gure denda, harpidetu gure berrietara, emaiozu zabalpena zure inguruan edo zabaldu gure sare sozialen bitartez (Facebook, Instagram).

Bloga

Zer da Sareko Borda?

Gehienbat oparitarako osagarriak saltzen dituen online denda da. Gogoko dugu opariak egitea eta jasotzea. Eta badakigu buruhauste handia izaten dela askorentzat. Horregatik, hartu arnasa, hementxe aurkituko duzu-eta lagun horri gustatuko zaion oparia. Egon adi, eskaintza etengabe zabalduz eta aldatuz joanen gara eta. Opari kutxa esklusibo hauek ez dituzu beste inon aurkituko, are gutxiago kalitate-prezio horretan. Pixkanaka, gure produktu sailen artean, hemengo eskulangileen lanak jarriko ditugu salgai, baita urrutiagoko berezitasunak ere, dela artista berexiren batenak eta dela askotariko kolektiboenak. Orduan, eskulangilea bazara edo sormen interesgarriak dituen kolektibo baten parte bazara, gurekin kontaktuan jar zaitezke, eta salmenta Sareko Bordaren bitartez bideratu. Gure izaera Sareko Borda ez da ardiak Internetez bidaltzen dituen webgune bat, ezta gaztagileen artzain etxola xahar bat ere. Sareko Bordak garai bateko eta oraingo ohiturak uztartu nahi ditu idi parea bezala. Izenaz ari garela, Sareko (edo Sarobeko) Bordak garai bateko lur eremuei egiten die erreferentzia, saroiei eta kortei, alegia. Webgune honen bitartez, berriz, espazio jakin horiek mugarik ez duen sare batera pasatu nahi ditugu. Hala, izan dadila Sareko Borda zure online denda.

Scroll to Top